GAZTA PROIEKTUA
- 2015/11/26 |
IKASKETA BIDAIA 2015-16.
GAZTA-PROIEKTUA
4. DBH ko ikasleek urtero antolatzen dute ikasketa bidaia. Ikasketa bidaia finantziatzeko hainbat ekintza egiten dute ikasleek ikasturtean zehar. Horietako bat polboroiak eta bonboiak saltzea izaten da Gabonei begira. Produktu horiek data horietako tipikoak dira, baina, egia esanda, ez geunden oso gustura produktu horiek saltzen, alde batetik, ez direlako kalitateko produktuak ezta bertokoak ere.
Gauzak horrela, 2014-15eko ikasturte amaieran Guraso Elkartekoek proposamen berria luzatu ziguten: ea zergatik ez genuen bertoko Idiazabal gazta saltzen. Proposamena aztertu ondoren, jakin genuen gure ikasle batzuen familiakoek gaztak egiten dituztela Otxandion.
Beraz, ontzat eman genuen proposamena eta familia horrengana jo genuen. Eurek pozarren hartu zuten gure proiektua. Guztiontzat baldintza egokiak adostu genituen eta lanari ekin genion. Ikasle bakoitzak 10 gazta ale –gazta erdiak dira- saltzeko konpromisoa hartu du.
Hori guztia Agenda 21 proiektuarekin bat dator, alegia, Ingurumen Sailak ematen duen gure “Institutu jasangarria” izendapenarekin. Agenda 21etik bertoko eta kalitatezko produktuak kontsumitzearen alde gaude. Beraz, Gazta-proiektuarekin aurrekoa sustatzeko urrats bat gehiago eman nahi izan dugu. Zuzendaritza ere ados dago proiektuarekin eta bere bultzada izan dugu beti.
Proiektua aurten hasi berria da, baina gure asmoa datozen urteetan finkatzea da. Gazta ekoizleek berdin pentsatzen dute. Gauzak horrela, egiten dugun elkarlanaren berri zabaldu nahi dugu. Gure aldetik ere ideia batzuk badarabiltzagu buruan: gazta ekoizteko modua ikasleei ezagutarazi, gaztandegira bisita egitea… baina pausuz-pausu joan behar dugu, gure lehenengo erronka aurtengo gaztak ondo saltzea da eta!!!